2014/06/13

Berbalagunon eta Bilboko AEK-ko ikasleen jaia




Atzo, lehengo aldiz, Berbalagunok Bilboko AEK-ko ikasleekin batu ginen azken jaia egiteko. Emaitza ikusita, ez da azken urtea izango, ez. 19:00etan hasi ginen Kalderapekon, turutak prestatzen (bai, bai, kartoi banda ederra muntatu genuen); ondoren, pintxo eta pote pare bat giroan sartzeko eta KALEAN GORA, KALEAN BEHERA ekitaldiari ekin genion. Zazpi taberna izan zen hurrengo geldialdia, kartoi banda oraindik findu gabe. Han, berriz, berotu eta hurrengo geldialdirako bidean erakutsi genuen indarra. 100 pertsonak SanQueremos bandak gidatuta, kontzertu ederra egin genuen Somerako Madariaga tabernarako bidaian. Handik Cafe Bilbao-ra, eta hor sorpresa polita, Mikelek-eta  pintxo bero eta gozoak atera zizkiguten jaiak behera ez egiteko. Guk oparia musika eta dantzekin eskertu genien. Kalderapekora bueltatzeko ordua zen eta Sombrereria, Correo, Victor, Loteria eta Perro kaleetan eztanda egin zuen jaiak. Amaieran, pintxo gehiago eta ... ZOZKETA MUNDIALA. Bertako ia guztientzat sariak egon ziren: Errigorako saskia, kamisetak, sudaderak, txalekoak. Den-denak pozik etxera bueltatu ziren (baten bat opari gabe gelditu eta triste jarri zen, baina berehala konpondu genuen: Soraya eta Sonia, agindutakoa beteko dut, lasai). "Baten bat" ez zen etxera joan amaitutakoan, eguraldiak horretarako laguntzen zuen eta.
Hurrengo urtean hobetzea zaila izango da. Mila-mila esker guztioi.

2014/06/04

Condor Legioaren gaineko erakusketa eta hitzaldia bihar, Txurdinagan


Bihar, ekainak 5, gure berbalagun diren Andreak eta Klausek Condor Legioaren gaineko hitzaldia emango dute, Santutxu AEK-ko Arbideako euskaltegian (Arbidea 21, Txurdinaga) 19:00etan. Etorri haiek laguntzen eta memoria historikoari eragitera. Bertan erakusketa ikusteko parada izango duzue. Ez galdu, gero!

2014/06/03

Udan ere, Berbalaguna



Ekainean gaude, eta udan ere euskara praktikatzen jarraitzeko aukera zabalduko dugu. Eman izena zure auzoko euskaltegian edo bete fitxa hau . Azken eguna, ekainaren 20a.

2014/06/02

Mintza Eguna 2014. Izarran, ederto!



Larunbat honetan, maiatzak 31, Mintza Eguna ospatu zen Arabako Izarran. Mahatserriko eta Erdialdeko Berbalagun batzuk bertara joan ziren Txorierriko eta Getxoko berbalagunekin batera. Goiuriko ur-jauzia bisitatu, dantzatu, bapo bazkaldu. Ederto pasa zuten.