2018/12/14

Zurbaran eta Uribarriko Berbalagunek gaur dute hitzordua. Denok zaudete gonbidatuta.



Urteko hileko hirugarren ostiral guztietan batzen dira Zurbaran eta Uribarriko Berbalagunak. Mingaina askatuz gain, ederto pasako duzue oso jatorrak dira-eta. Gaur, 19:00etan. Ez galdu aukera, gero!!!

2018/12/03

Eskerrik asko



Euskaraldia amaitzen ari den honetan, aipamen txiki bat egin nahi dut berbalagunon euskararen alde egiten ari garen lanaz.
Karmen Santutxuko Berbalaguna da eta mediku egiten dut lan Matienan eta Abadiñon. 11 egun hauetan Belarriprest txapa eroan du lanean, eta tinko mantentu egin da bezeroak euskaraz egin diotenean.
Lanaz aparte, Karmen euskararen aldeko garra zabaltzen saiatzen da bizitzako gainontzeko esparruetan. Aurreko egunean, Bermeoko lagun batzuekin batu egin zen eta ohi bezala erderaz hasi ziren, Karmenek izan ezik. Bera jo ta ke euskaraz aritu zen guztiekin (bere akatsak gorabehera, berak dioen bezala). Azkenean denok euskaraz amaitu zuten eta Karmen zoriondu zuten.
Lagunekin egon ostean, mezu bat idatzi zien Berbalaguneko tadekidei eskerrak emateko, haiei esker lortu du-eta euskaraz egitea normaltasunez. Harro-harro sentitzen da. Neu berataz ere bai.
Eskerrik asko zuri, Karmen, euskararen alde egiten dituzun ahalegin guztiengatik eta zu bezalako berbalagun guztiei.

2018/11/16

Bilboko Berbalaguneko hasiera ekitaldia 2018-2019, kronika txikia.





Arratsalde polita pasa genuen atzo Zorrotzan. Bertan Bilboko Berbalaguneko hasiera ekitaldia ospatu genuen. Zorrotzako parkean, frontoi atzealdean dagoen Auzoka eraikinean batu ginen (bide batez, eskerrik asko Auzokako langileei eman ziguten laguntza teknikoagatik). Berandu hasi ginen, baina merezi izan zuen aspaldi ikusten ez genituen lagunekin berriro berba egiteko parada ederra izatea. Kanpainako bideo ikusi genuen lehendabizi. Gero, Berbalagun batzuen ibilbidea entzun genuen, Agurtzane Cilaurren kasu, 12 bat urte darama berbalagun talde batean. Agian taldea esatea gehiegizkoa da, garai baten bera eta beste kide bat bakar-bakarrik aritu baitziren urtetan batzen. Orain, ordea, Guti bidelagunarekin batera eta beste lau kiderekin asteartero 18:00etan batzen dira Madness tabernan. Iñigoren eskarmentua entzun genuen, ostean. Talde bitan dabil bidelagun, hori da hori mingaina astintzeko gogoa!
Hain ondo pasatzen ari ginen, berandura arte geratu baikinen bertan tortilla eta urteko ardoa dastatzen. Konturatu orduko 21:00ak ziren, eta oraindik aurreikusitako pintxo-pote musikatu falta zitzaigun egiteko. Auzokatik irten eta Madness tabernara abiatu ginen (taberna jatorra eta Zorrotzako berbalagun eta euskaldunen geldialdi nahitaezkoa). Bidetik lagun batzuk galdu egin genituen eta beste batzuk gehitu zitzaizkigun: Manu Soto aspaldiko bidelaguna esate baterako. El Diez de Fray Juan izan zen azken geldialdia, bertan amaitutzat eman genuen ekitaldia. Denok ez, ordea; harrigarria da zenbat aukera dauden Zorrotzan ostegun baten juerga jarraitzeko.
Mila esker bene-benetan guztioi.

2018/11/14

Bihar Bilboko Berbalagunon hasiera ekitaldia, Zorrotzan.

Bihar, ostegunean, Bilboko Berbalagunok hasiera emango diogu 2018-2019 ikasturteari. Jada talde ia guztiak eratu dira eta modu horretan denok elkar ikusteko aitzakia paregabea da. Izena emateko intentzioa baduzu, ez kezkatu, oraindik batzuk sortuko ditugu eta. Izena emateko ondoan sakatu: IZENA EMAN

Beraz, bihar, azaroak 15, 19:30ean, Zorrotzako Auzokan batuko gara (Zorrotzako parkean) bideotxo bat ikusi eta berbalagun batzuen testigantzak entzuteko asmoz. Jana eta edana ez da faltako, jakina. Bukatutakoan, Zorrotzan zehar pintxopote musikatua egingo dugu.
Anima zaitezte eta etorri gurekin.


2018/10/19

Zurbaran eta Uribarriko Berbalagunon lehenengo hitzordua, gaur.


Urteko hileko hirugarren ostiral guztietan batzen dira Zurbaran eta Uribarriko Berbalagunak. Oporretan ez, jakina. Hilabete honetan ikasturteko lehenengo hitzordua dute, eta inguruko euskaldun guztiak gonbidatuta zaudete. Mingaina askatuz gain, ederto pasako duzue oso jatorrak dira-eta. Urriaren 19an, 19:00etan (19 lagun batuko ote dira?). Ez galdu aukera, gero!!!



2018/10/11

AEK-ko ikasleen eta berblagunen jaia jaia


Geuk ere hartuko parte dugu gaur,  urtero lez, AEK-k antolatzen duen ikasleen jaian. Berbalagunok edozein ordutegitan agertzea dugu, baina batez ere 20:00etako saioan dugu hitzordua. Ez galdu gero!


2018/10/04

Izena eman Berbalagun egitasmoan


Euskara praktikatu nahi baduzu edo euskaraz bizitzeko aukera berrien bila bazabiltza, eman izena zure herriko mintzapraktika talde batean. (Gurea Bilbo da, ez ahaztu!) Izena emateko bete formularioa >>> https://goo.gl/UTcbyM  DOHAINIK da!

2018/09/14

Bilboko Berbalaguna, berriro martxan.


Mingaina astindu nahi duzu euskaraz? Hauxe duzu leku aproposa Bilbon: Billboko Berbalaguna. Ikasturtea hasteko prest gaude eta zeu?



2018/06/27

Zurbarango Berbalagunak, argazkia.


Hemen dituzue Zurbarango berbalagunak, hilean behin batu izan dira urte osoan, eta aurreko ostiralean azken hitzordua izan zuten. Beti juergarako prest. Dena dela, hmen ez daude denak, ez pentsa.

2018/06/15

Zurbarango berbalagunon ikasturteko azken hitzordua, gaur, 19:00etan.




Zurbaran eta Uribarri aldeko berbalagunak, gaur (hileko 3. ostiral guztietan bezala) batuko dira, euskarak auzoan zehar presentzia izan dezan. Ikasturteko azken hitzordua izango da gaurkoa, baina ez larritu datorren kurtsoan berriro martxan jarriko dira. Gainera, aurten erronka polita dugu Euskaraldiarekin azaroan, eta gure berbalagunak aitzidariak izango dira.

2018/06/14

Bihar azken eguna izena emateko Udako Berbalagunean


Gogoan izan bihar amaituko dela epea Udako Berbalagun egitasmoan izena emateko Bilbon. Izena ematea erraza da web-orri honetan sartu: IZENA EMAN . Bilbo aukeratu lehenengo zerrendan, datuak bete eta zurekin jarriko gara kontaktuan. Kontuan hartu Udako Berbalaguna uztailean, abuztuan eta irailean egingo dela eta uztargarria dela erraz-erraz oporrekin.



2018/06/12

Berbaditza - Ikasleen jaia, ekainaren 14an Bilborocken. Berbalagunak, gonbidatuta.


Ostegun honetan, ekainak 14, Berbaditza (Ikasleen jaia) ospatuko du Bilboko AEK-k. Bilborocken izango da; goizean 10:00etan eta arratsaldean 16:00etan hasita. Bietara gonbidatuta gaude Berbalagunak; baina, batez ere, 19:00etan BilboRocketik bertatik abiatuko den Berbazbira-rako. Berbazbiran zer egingo dugun beti sorpresa da; gomendio bat, zapatilla erosoak ekarri. Parte hartu nahi baduzue,  gonbidapena eskatu guri whatsapp bidalita 607530132 telefonora.

2018/06/01

Otxarkoagan, Euskal Poteoa, gaur.

Hileko lehenengo ostiral guztietan bezala, gaur, ekainak 1, 19:30ean, Euskal Poteoa izango dugu Otxarkoagan. Belarriprest, ahobizi  zein berbalagun izan; bai bidelaguna, bai bidelaria; euskaldun zahar, oso nahiz ikasle; otxakoagatar ala mahatsorri. Zuek guztiok gonbidatuta zaudete, mingaina zein belarria (euskaraz jakina) martxan jartzera. Gero arte.



2018/05/30

KIROLA eta NATURA 6. txangoa, kayak-zeharkaldia Urdaibain, ekainaren 16an.

http://kirolaetanatura.blogspot.com/
Ikasturteko azken txangoa dugu hau. Uda dator (benetan, sinistu) eta plisti-plasta egiteko gogoak asetuko ditugu Udaibai aldean. Kayetan ibili, txoriak begiztatu... plazer txiki horiek!!!



2018/05/28

Irrist-lagun, arrakastatsua.

Irrist-lagun egitasmoa ospatu genuen pasa den zapatuan, maiatzak 26. Ostegunean kezkatzen hasiak ginen oso jende gutxik eman baitzuen izana. Ostiralean, ostera, lasai baina eten gabe hasi zen izen-ematea. Larunbatean, uholdea. 26 lagun ibili ginen amaieran irristaketan eta euskaraz. Haritz Irizarren gidaritzapean arituak eta ez hain arituak patinen gainean eroso ikusi genituen eta, bukatzerako, protestaka, jarraitu nahi zuten eta. Gurasoak eta haurrak; gazteak zein zahar; patinatzaile arituak nahiz lehenengo aldiz jantzi zutenak. Irrist-lagun egitasmoko proba arrakastatsua izan da, beraz, hurrengo kurtsorako plan iraunkorragoa dugu buruan. Hitza eman dugu.









2018/05/25

Euskaraldia Bilbon, hurrengo aurkezpen, ekitaldi, kontzertu...





Berbalagunok ere Ahobizi eta Belarriprest Euskaraldirako. Ez galdu Bilbon egongo diren ekitaldiak. Informazio gehiago euskaraldia.eus atarian eta Facebooken Euskaraldia Bilbo

2018/05/19

Irrist-lagun, euskara eta patinajea Bilbon. Maiatzaren 26an.

Euskara eta patinajea uztartzeko aukera paregabea. Maiatzaren 26an, 18:00etan Txurdinagako kiroldegian. Nagusietzat zein familentzat. Patinak ekarri eta ederto pasatuko dugu. Patinik ez duzula? Ez kezkatu guk geuk utziko dizkizugu. Santutxu Hockey Taldekoko kideak izango duitugu gidari. Ez galdu aukera!


2018/05/18

Zurbarango berbalagunon hileko hitzordua, gaur, 19:00etan.(Maiatza)



Zurbaran eta Uribarri aldeko berbalagunak, gaur (hileko 3. ostiral guztietan bezala) batuko dira, euskarak auzoan zehar presentzia izan dezan. Auzoko zein kanpoko jendea gonbidatuta dago. Ez izan kamutsak eta erdu geugaz!

2018/05/11

Udako Berbalaguna 2018, Bilbon. Eman izena.


Udako Berbalaguna 2018. Uztailean, abuztuan eta irailean zehar euskaraz bizitzeko aukera izango duzu Bilbon. 5-6 laguneko taldeak izaten dira; horiek osatzeko, kontuan hartzen ditugu parte hartzaileen diponibilitatea, adina eta zaletasunak. Berbataldeak bildu ahal dira kafetegian, tabernan edo paseoan ibiltzeko... parte-hartzaileek erabakitzen dute non eta noiz, beti lagun giroan.

 Izena eman. Azken eguna, ekainaren 15ean. Praktikatu eta bizi.

2018/05/09

KIROLA eta NATURA 5. txangoa, orientazioa Pagoetan, ekainaren 3an.

KIROLA eta NATURA. bostgarren ekintza, ekainaren 3an izango da. Oinarrizko orientazio-arauen ikastaroa, hain zuzen,  Pagoetako parke naturalean (Aia, Gipuzkoa). Duela aste batzuk horrelako ikastaroa bat antolatu genuen Zugaztietan. Begiratu egun horretako irudiak lotura honetan: Zugaztietako irudiak.

Izena emateko azken eguna  maiatzaren 29a izango da. IZENA EMAN



2018/05/07

Irrist-lagun, patinajea eta euskara, Bilbon.

IRRIST-LAGUN. Euskaraz egin eta patinatzeko egitasmo berria jarriko dugu abian Bilbon Berbalagunok. Maiatzaren 26an eta ekainaren 2an (biak larunbatak) egingo dugu, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, Txurdinaga kiroldegiko Hockey pistan.
Santutxuko Hockey Taldeko kideek lagunduta, jokuak, lehiaketak eta beste sorpresa gehiago izango ditugu.

Izena emateko idatzi whatsappa 607530132 zenbakira zure izen-abizen eta posta elektronikoarekin


2018/05/04

Otxarkoagan, Euskal Poteoa, gaur.


Hileko lehenengo ostiral guztietan bezala, gaur -maiatzak 4-, 19:30ean, Euskal Poteoa izango dugu Otxarkoagan. Belarriprest, ahobizi  zein berbalagun izan; bai bidelaguna, bai bidelaria; euskaldun zahar, oso nahiz ikasle; otxakoagatar ala mahatsorri. Zuek guztiok gonbidatuta zaudete, mingaina zein belarria (euskaraz jakina) martxan jartzera. Gero arte.


2018/04/20

Zurbarango berbalagunon hileko hitzordua, gaur, 19:00etan.


Gaur, ostera ere, Zurbaran-Uribarriko berbalagunok hitzordua dute auzoan. Beraiekin mingaina astindu nahi? Hitzordua badakizue. Edozein euskaldun ongietorria izango da. Animatu.

2018/04/09

Deustuko Mintzodromoa, martxoaren 22an, arrakastatsua.





Ederto pasa genuen, Deustu aldean, martxoaren 22an. Jaiak ziren eta beste ekitaldien artean Deustuko Mintzodromoa ospatu genuen. 30 bat lagun, euskaraz ordu bete pasatxo. Gainera, gaiak ez ziren nolanahikoak, ez pentsa. Hitzordu atsegina, benetan. Mila esker Deustuko zein Bilbo osoko parte hartzaile guztioi, berbalagunak, ikasleak zein euskaldun jatorrei. Eta batez ere, Jule eta Oierri, gurasoak hain ondo eta hain jator aguantatzeagatik.



2018/03/22

Mahatserriko Mintzodromoa ospatu genuen atzo. Arrakastatsua.









Atzo, Mahatserriko Mintzodromoa ospatu genuen Santutxu-Txurdinagako Euskararen Astearen barruan. Karmelo kalean egiteko asmoa genuen baina eguraldiaren beldur, B plana martxan jarri eta Kirikiño ikastolako kiroldegira eraman genuen. Hasieran hotz hasi bazen ere, ezin hobeto amaitu genuen goiza. 200 lagunetik gora (azken uneko baja batzuk izan arren) ibili ziren berbetan 20 minutuko lau txandetan. Institutuko irakasleak zein ikasleak, euskaltegiko ikasle nahiz irakasleak eta Bilbo osotik etorritako berbalagunak poz-pozik irten ziren. Hurrengoa ea noiz egingo dugun galdezka joan ziren. Antolaketa lan handia ekarri digu Mintzodromoak, baina emaitzak ikusita errepikatu egingo duguna ziur izan.
Argazkietan ikusi giroa.
Ez ahaztu, gaur bertan, 19:00etan Deustuko Mintzodromoa duzuela Done Petri plazan.

2018/03/16

Zurbaran eta Uribarriko berbalagunon martxoko hitzordua, gaur.


Hileko hirugarren ostiral guztietan bezala, martxoan ere batuko dira Zurbaran eta Uribarriko berbalagunak, gaur hain zuen ere. Animatzen zara?.


2018/03/12

Praktikatu eta Bizi: Kirola eta Natura. Bigarren txangoa, pagoz pago, bertsoz bertso, martxoaren 24an.

Praktikatu eta bizi / Kirola eta Natura programaren barruan, bigarren txangoa dator. Itxinako zeharkaldia egingo dugu martxoaren 24an, larunbatarekin. Zeharkaldia bertsolariekin egingo dugu. Ez galdu gero.

2018/03/07

San Inazioko Berbalagunak


San Inazion badugu talderik!!!
Argazkiko neskak, Jaione, Irune, Angelica eta Susana dira eta atzoz geroztik, asteartero, batzeko asmoa dute arratsaldeko 19:30ean euskaraz bizitzeko. Ez da erraza izan San Inazio dugun lehenengo taldea martxan jartzea, ez pentsa. Hasieran, 19:00etan genuen hitzordua Kabia tabernan, baina Irunek Erandioraino alaba uztera eta  gero bere bila  joan behar duenez, gainontzeko neskek (jator-jatorrak) erabaki zute hobe zela 19:30ean geratzea hemendik aurrera. Jaione euskaldun zaharra da, Mutitibarrekoa eta eleanitza (fratsesa ikasten dabil Hizkuntz Eskolan, ingelesa daki,...). Angelica ere Hizkuntz eskolan dabil, baina euskara ikasten. Susana, berriz, Juan Mateo Zabala euskaltegian ari da helburu berarekin. Laurek, zein baino zein gogotsuago, erabaki dute astearteko hitzordu hori beraien bizitzako euskarazko arnasgunea izatea. Batzuentzat, momentuz, bakarra, baina ziur naiz haiek ezagutu ondoren gehiago egongo direna.