Kronika lehiaketaren lehenengo alea jaso dugu. Ainhoa Araluzeak bidali digu eta irakurri bezain laster Joseba Sarrionaindiaren "Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak". Kasu honetan gure hitzak aurkitu ditugu Ainhoaren idatzian, geuk idatz genitzakeen trankil-trankil. Gozatu irakurtaldiaz:
Nire
etxeko balkoitik
Egunak
dira etxean konfinatuak izan ginenetik eta jada, etxeko izkina
guztiak atondu ditugu. Gogaituak gaituen egoera honi aurre egiteko,
jarreraz erantzun eta bakoitzaren izaera gutxika azaleratuz goaz.
Modan
dago “aspertua” egotea, baina zintzoki, ni ez nago asperturik.
Egia da aukera izatekotan, kalera irtengo nintzatekeela, ez dut
ukatuko, baina ez da aspertua egotea erabiliko nukeen berba. Egun
luze, labur, alai, triste, errepikakor, aldakor eta milaka aditzondok
jarraiki dituen hauetan, denbora soberan dagoela diogu. Nik denbora
faltan dut batzuetan.
Kexu
egitearen erraztasuna agerian dago. Situazioaren alde txarrak
ateratzea aise egiten da eta alderdi onak azaleratzea aldiz, zail.
Honekin ez dut esan nahi, inondik inora, momentuaren kritika egin
behar ez denik, baina mesedez, irizpideak ematerakoan izan gaitezen
fidelak.
Dirudienez,
jendearen bizitza guztiz aldatu da konfinamendua dela eta. Nik
espiral berdinean gaudela esango nuke, gure bizitza kontrolatzen duen
puntu baten inguruan progresiboki biraka. Aldatu baino, kausitu egin
dira errutinaren normaltasunak ezkutatzen dituen hainbat faktore.
Bakoitza bere egoeraren beldur, bere etxeko azalera aztertu eta izu
da. Zelan ez ikaratu, hori baita espiraleko puntuak duen tresna
indartsuena. Artegatu eta bakoitza bere buruaz arduratzen da soilik,
arazoaren oinarriaren jabe izan gabe. Bista norberari kalte egiten
dionetik at jartzean, miope bihurtzen gara.
Esan
digutenez, pandemia honek bere gailurra du, baina gutxika konturatuz
goaz, auzia ez dela mendiaren goia, baizik eta hura sostengatzen duen
prozedura oso bat. Tontor horrek bere tratamendua izan du, modu baten
edo bestean izatera heldu den forma, altuera eta materia garatu
duena. Higidura orogeniko honekin irudikatzen dugu afera. Higidurak
lurrazalean eragitean, lurreko parte batzuk jaiki egiten dituen
modura, posible da beste batzuk hondoratzea. Gailurraren euskarri
diren plaka zurrunak moduan, bata bestearen gainean jartzera
bideratuta dauden apokalipsi horretan, azpian hondoratzen direnak
beti dira berdinak.
Dagoeneko,
irakurri dut liburu bat eta beste bat hasi, masterreko azterketak eta
lanak burutu ditut eta master amaierako lanari ekin diot, zeinu
hizkuntza eta frantseseko online bidezko beharrak eguneratuak
daramazkit, oposaketen apunteak estudiatu, puntuz egiten nagoen manta
ia bukatu, musika errepertorioa luzatuz doa, gimnasia egunerokotasun
bihurtu da … Orduak pasatu ditut gelako mahai aurrean jesarririk.
Gurpilezko aulki horietako bat daukat, non bueltak eman eta eman
espirala irudikatzen dudan.
Alarma
egoera aktibatu digute eta horrekin batera que comiencen los
juegos del hambre y que la suerte est茅 siempre de vuestra parte.
Dena dute posible eta adibide dira azken asteetan gertaturikoak. Aldi
Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedienteen eraginpean daude milaka
langile, ehunka garbitzaileren ehuneko ehunaren gutxieneko
zerbitzuak, geolokalizazioaren fenomenoa, kanporatuak izan diren
beste milaka behargin, poliziaren aldetik ematen ari diren galdera
gabeko erantzun bortitzak, langileen lan baldintzak, isunak eta abar.
Sistema honetan betiereko bortizkeria da nagusi.
Errutinaren
morroiak bihurtu gara, baina ez orain eta ez gu, bihurtu gintuzten
eta errutinak berak bere ugazaba propioa du. Goizero esnatu, gosaldu,
ikasi, irakurri, lan, bazkaldu, lan, ikasi, “denbora librean”
gustuko dugun zer edo zer egin, afaldu, lo eta berriz hasierara.
Kalera irtetearen handicapa alde batera utziz gero, sentimendua hain
desberdina da?
Honezkero
badakit zein den, laurogeita hamar metro karratuko nire etxeko toki
gogokoena. Zoritxarrez, eguraldiaren menpe dago bertan pasatu ahal
ditudan minutuen kontaketa. Baranda batez inguraturiko metro karratu
bat eta erdiko balkoia. Egunak aurrera doazen heinean, metro eta
erdik dimentsio izugarria hartu dute nire irudimenean. Egunak pasatu
eta balkoia handituz doa.
Balkoia
da auzokideon, meeting point-a. Alboko eta goiko beste metro eta
erdiko espazioko mugimendua gurearen antzera, etengabea da. Bertatik,
nire aldameneko lau urteko umearen gaueko adiskideak ezagutu ditut,
Astotxo (astoa) eta Martintxo (hartza), ondoko ume nagusiaren zortzi
urteak ospatu ditugu eta etengabeko berriak kontatu dizkiogu elkar.
Balkoiak ere badu beste berezitasun bat, erriberak duen luzeran
lehenengotariko etxea izateak, auzoko pertsona oro erosketak egitera
doazela bere azpitik pasatzera behartzen ditu. Horrek bi-hiru
minutuko berezitasunik gabeko elkarrizketak izatera gidatzen gaitu,
egun hauetan indarra hartzen dutenak.
Aitortu
dudan moduan, parada honetan alde positiboak daude. Familiarekin nago
konfinatuta eta ahizpa nagusia faltan botatzen badugu ere, gure
arteko harremana egonkorra da. Aita kaiola batean sartuta egongo
balitz moduan eta ama baretasunari gogoz eutsiz, harrigarria den
zerbaiten aurrean gaude, ordurako ez zaizkigu elkarrizketa gaiak
bukatu. Itzela, gaurkoan, hizketan egotearen gaitasuna landua dugula
argi daukat.
Erne,
ez dut txarto ulertzerik nahi, badaude gauzak faltan ditudanak.
Goizero, bi urteko begi handi eta irribarrezko txakurra izan nahiko
lukeen umetxo eta eguerdietako super botere pilo bat dituen, bost
urteko anaiarekin pasatu ohi ditudan orduen mira dut. Deustuko lagun
talde nahastuen eta etorkizuneko etxetxoko bizikideen algarak
bideo-dei batetik haratago, aurrez aurreko kontaktuaren falta
sumatzen dut. Siesta eta sofing bi pertsonen artean egitearen
hutsunea sentitzen dut. Nire herria den Kanalako lagun ororen
baldintza gabeko bekoz beko eman ohi duten babesaren beharra dut.
Hauen guztien eta aurretiaz aipaturikoen besarkada, bosteko, musu eta
ukimena eskatzen duen edozein keinuren premia dut."
AINHOA
ARALUZEA ITZA
Anima zaitezte eta zeuek ere bidali kronikak: argazkiak, testuak, grabazioak, bideoak eta abar.
#PraktikatuetaBizi
#GEATUETXEAN