2017/12/18

Praktikaren Magia, esperientzien topaketa, laburpena.

 
2017ko azaroaren 10ean, AEKren Praktikatu zerbitzuak Praktikaren Magia, 
esperientzien topaketa antolatu zuen, Bilboko Hika Ateneon. Bertan bilbotarrok ere ibili ginen. Topaketan grabatutako bideoa hemen.

2017/12/13

Zurbaran eta Uribarriko berbalagunak bariku honetan hitzordua


Zurbaran eta Uribarriko berbalagunak, hilero bezala, bariku honetan batuko dira (hileko 3. barikuan) euskaraz aritzeko auzoan zehar. Baina oso jatorrak direnez auzo osoari egiten diote gonbitea. Beraz, badakizue, lotsa barik, hortik bazabiltzate handik pasatu eta gorantziak eman nire partez bertako neska-mutilei.




2017/12/11

Bilboko VI. Berbagunea, abenduaren 14an, Azkuna Zentroan


Ostegun honetan, abenduak 14, Bilboko VI. Berbaguneaegingo dute  Azkuna Zentroan. Parte hartu nahi baduzue, Berbalagunoi  3. eta 4. txanda gorde dizkigute. Izena emateko, bidali Whatsappa 625530132 zenbakira.

2017/11/28

Praktikaren Magia, esperientzia topaketa. 2017/11/10




Praktikaren Magia, esperientzia topaketa egin genuen Euskal Herriko berbalagun dinamizatzaileok azaroaren 10ean, Bilboko Hika Ateneoan. Asko ikasi genuen Pili, Fernando, Aaron eta Juanmirengandik. Halaber, egiten dugun lana magikoa ez ezik horrelako jende burutsu eta jatorrari esker ere aurrera doala eta joango dela argi geratu zitzaigun bilbotarroi. Ideiak apuntatuta ekarri genituen, ea gurean gauzatzeko ote gara.

2017/11/15

Zorionak, Irala!




Atzo Iralan, berbalagunon ikasturteko lehen topaketa egin genuen. Aitzakia, Iralako taldearen 10. urteurrena izan zen. Iralatarrek izugarri eskertu zuten bertara joan izana. Argazkian 6 taldeetako jendea dago baina beranduago beste hainbat etorri ziren, 40 lagun batu ginen. Tarta jan ostean, auzoan zehar ibili ginen. Arratsalde polita, benetan.

2017/11/13

Berbalagunon 1.topaketa, Irala auzoan.

Bihar, azaroak 14, 19:30ean, Bilboko Berbalagunon lehen topaketa egingo dugu Irala aldean. Kurtsoari hasiera ofiziala izango da eta, batez ere, Iralako berbalagun taldeak betetzen duen 10. urteurrena ospatzeko aitzakia ezin hobea.
Poteoa eta tarta, ospakizun xumea baina berbalagunok elkar ikusteko nahikoa. Bihar arte, beraz.


2017/11/03

Biba Solaxka, gazteok, Zazpi kaletan, euskaraz aritzeko.



Gaztea zara eta euskara mantentu, praktikatu edota bizi nahi duzu. Bilzoko Zazpi Kaleta aukera duzu. Biba Kulturak eta Adaxka Kultur elkarteak hori egiteko bidea ematen dizute, Bilboko Berbalagunaren laguntzarekin.
#PraktikatuEtaBizi




2017/10/24

Talde berria, Santutxun, ostiraletan.




Berbalagun talde berria eratu dugu Santutxu aldean, Mahatserrian. Oraingo honetan, 20:00etan batuko dira, ostiralero, Bastida arkitektoren plazan. Carlos, Janire, Ainara, Jonatan eta Maria dira taldekideak eta gutxi barru Inma batuko zaie (aurretik beste talde baten biltzen zena). Inma astebururo dator Burgosetik berbataldearekin egotera. Hori da hori mingaina euskaraz astintzeko gogoa.

2017/10/20

Berbalagunon berriak: Errekalde eta Zurbaran.



Errekalden sortu den lehenengo Berbalagun taldeko argazkia duzue hori. Julen, Iera, Raul, Javi, Monica eta Naiara, hain zuzen. Atzo hasi ziren eta gerora jakin dudanagatik Errekaldek berbalagunak izango ditu luzerako. Ongi etorri Errekalde Berbalagunera!


Zurbarango berbalagunak ez dira berriak, ez.Hilean behin batu arren, ez du inrok hutsik egiten. Gaur dute hitzordua eta auzoari jakinarazten diote kartel horren bidez, euskaraz ibili nahi duten Uribarri, Castaños eta Zurbarango edonork parte har dezan arazorik gabe. Gaur da eguna, gonbite formala da (edota informala, zuek ikusi).



2017/10/18

Berbaditza, ikasleen jaia, bihar. Gonbidapena berbalagunontzat.




Bihar, ostegunean, Berbaditza-Ikasleen jaia ospatuko da. Berbalagunok gonbidatu egin gaituzte. Batez ere, arratsaldeko saiora dugu gonbitea. Gogoan izan , aurten, Iralako berbalagun taldeak 10 urte betetzen dituela beraz aukera paregabea da ospakizunekin jarraitzeko. (Atzo Darabilboko lagunok garagardo dastaketa egin zuten oraintsu 100 urte bete duen auzoan).
Ezin dugu galdu, beraz.
Bihar arte.

2017/09/18

Bilboko Berbalaguna 2017-2018, martxan.


http://www.dinamizatzaileak.praktikatu.org/index.php?option=com_chronoforms&chronoform=Izena_Eman


Bilboko berbalaguna berriro martxan dago. Euskara praktikatu eta bizi nahi baduzu, erdu geurekin. Doan da. Ordu bete astean, lagun giroan. Ideia ona, ezta?
Izena eman hemen: IZENA EMAN (Sakatu gainean)

http://www.dinamizatzaileak.praktikatu.org/index.php?option=com_chronoforms&chronoform=Izena_Eman

2017/06/09

Berbaditza 2017, Berbalagunak nabigatzen eta Zumba egiten.




Arratsalde ederra pasa zuten berbalagunek, itsasontzia San Antonen hartu eta Xilipurdiko antzerki taldearen "Bidaia ezezaguna" antzezlanean sartuta toki ezezaguneratz  abiatu ziren (ez baitzekiten nora zihoazen). Itsas museoa izan zen lehorreratzeko lekua eta handik kalejira animatuan Deustuko Done Petri plazaraino heldu ziren.
 
Plazan bertan, Berbazgiran izeneko ibilaldiari amaiera emateko, Zumba euskaraz egin genuen Deustuko Erriberako Alaznerekin. Geldoenak ere martxan jarri zituen Alaznek. Datorren ikasturtean gehiago, baina hobeto ezin.




2017/06/05

Berbaditza 2017. Berbalagunok arratsaldeko saiora.

Berbaditza jaia badator urtero lez, ekainean. Berbalagunok ere horren pate gara eta 19:00etatik aurrerako ekintza guretzat da beren-beregi, besteak beste. Bilborocken, beraz, geldituko gara 19:00etan. Handik Deustu aldera abiatuko gara. Nola? Hor dago sorpresa. Bakarrik jakin, gonbidapena behar dela. Jarri gurekin kontaktuan eskuratzeko. Ez ahaztu arropa erosoagaz etortzea. Asteazkenera arte.

2017/05/31

Zurbarango ostiraleko taldea. Berbalaguna.


Berbalagun talde guztiak ez dira beti astero, hemen adibidea:
Hamar bat lagun biltzen gara hilabetean behin Zurbaran auzoan. Hilabetearen 3. ostiraletan biltzen gara 19:00tik 21:00etara.
Auzoko zenbait ekintzatan parte hartzen dugu: Korrika, Auzoko Jaiak eta datorrena.
Auzoan zehar ihaien kartel-deia kusiko dituzue. Hementxe duzue maiatzekoa, esaterako:
 

2017/05/29

Baztertxuko taldea, ostegunetan. Berbalaguna,


Alba, Liuba, Miren, Leticia eta Laura ostegunero, 19:00etan, ordu betez, Santutxu are euskaldunago bihurtzen saiatzen dira. Bitartean haiek ere praktikatu egiten dute. #PraktikatuEtaBizi

2017/05/24

Indautxuko goizeko taldea. Berbalaguna


Berbalagun talde guztiak ez dira zertan izan 6 pertsonakoak. Hemen adibidea:
"Kaixo, Indautxuko goizeko taldekoak gara, Emma, Marisa eta Jabi. Aurten hasi gara biltzen, asteartero  goizeko hamarretan . Hitzak tabernan elkartzen gara eta gustora gaude. Bagoaz astiro-astiro hobeto hitz egiten , nahiz eta asko daukagun hobetzeko oraindik."

2017/05/23

Mundu bat, ahoz aho. Bilbo Zaharrean, maiatzaren 25ean.



Maiatzaren 25ean, 19:00etan, Bilbo Zaharreko Xake Espazioan, "Mundu bat, ahoz aho" dokumentala ikusteko aukera izango dugu; ondoren solasaldi interesgarria egongo da, gainera. GITE eta Palanka elkarteek antolatuta, Bilbo Zaharreko berbalagunen laguntzarekin. Ahozko transmisioa munduan dituen adibideak ikusiko ditugu, kantuan zentratuta. Ez galdu gero aukera.

2017/05/22

Agur, Ainhoa.


Atzo joan zitzaigun Ainhoa Zufiria berbalaguna, AEK-ko ikaslea eta  darabilbotarra. Euskara non, Ainhoa han. Santutxuko iazko mintzodromoan izan genuen, besteak beste (argazkian, erdian, non bestela?). Berbalagun guztion partez musu handia familiari eta berbalagun kideei.

2017/05/19

Otxarkoagan, talde berriak. Berbalaguna.


Pasa den astean egindako deiari lagun hauek erantzun zioten. Berbalaguna martxan jarri nahi  genuen, iragarri eta espero bezala jende asko agertu zen. Hiru talde egitea erabaki dugu arratsaldeko 18:30ean eta 19:00etan. Gainera hilean behin denok batera ekintza bana egiteko hitz eman genuen. Lehenegoa ekainaren 8an, ostegunean, Otxarkoagako jaien barruan euskara eguna ospatzeko asmoz. Adi egon. Mila esker, Mahatserri Kultur lkarteko eta PaYa konpartsako jendeari. Gora Otxarkoagako euskaldunak!

2017/05/18

Solokoetxeko astearteko taldea, Berbalaguna


Gure taldean 5 neska gazte gara. Asteartero, 7:30ean, biltzen gara Solokoetxeko Maite tabernan. Gai askori buruz hitz.egiten dugu: oporrak, eguneko edo asteko gertakariak, afizioak, ..

2017/05/15

Udako Berbalaguna 2017


Uztailean, abuztuan eta irailean zehar euskaraz bizitzeko aukera izango duzu Bilbon. Izena eman. Azken eguna, ekainaren 15ean. Praktikatu eta bizi.

2017/04/28

Familian Euskaraz Jolasean, Mujika eskolan. 2017/04/27.


Familian Euskaraz Jolasean Mujika Eskolan


Atzo, giro paregabea izan genuen Santa Maria kalean dagoen Mujika eskolan. Mendeurrena ospatu ondoren, indarrak badituztela ederto erakutsi zuten. Bertako gurasolagunek zein eskolako beste batzuek Familian Euskaraz jolasean tailerrean parte hartu zuten. Urtxintxa eskolako Joneren gidaritzapean, bi orduz aritu ginen helduak zein haurrak jolasean euskaraz. Haurrek ederto pasa zuten, eta helduok, gaurko axubetak gora-behera; ez ginen ez atzean geratu.
Mila esker Jone, Txaber, Iratxe, Iker, Ainhoa, Maite, Olatz, Borja, Soraya, Mertxe eta gainontzekoei eta hemendik aurrera eutsi tranmisio lan eder horri.

2017/04/03

Mujika eskolan, Familian euskaraz jolasean tailerra



Aste Santuko oporren bueltan, Mujika eskolako gurasolagun talde berriak gogoz hasteko aukera izango du. Urtxintxa eskolaren eskutik, Familian euskaraz jolasean tailerra egingo dugu eskolako 5. solairuko jolastokian. Apirilaren 27an izango da, ostegunean, 17:00etan. Baietz familian ono pasatu olgetan!!!


2017/03/29

Mahatserriko Mintzodromoa 2017


Santutxu-Txurdinagako Euskararen astea 2017ren barruan, Mahatserriko Mintzodromoa ospatuko dugu Santutxuko kaleetan, apirilaren 5ean, goizeko 11:30etik 12:30era. Gonbidatuta zaudete. Erdu.

2017/03/03

Bilboko Berbalagun taldeak 2016-2017


350 lagunen bueltan gabiltza Bilboko Berbalagun egitasmoan, baina zenbakiak oso hotzak direnez, berbakideei eskatu diegu haien aurkezpena egitea argazkitxo batek lagunduta. Azkenak lehenengoak izango direla dio esaera zaharrak, bada hasteko hemen duzue atzo bertan Santutxun lehenengo aldiz batu zen taldean. Baztertxu tabernan, ostegunero 19:00 aldera ibiliko dira. Hauxe utzi diguten mezua:

"Hemen gaude gure berbalagun taldea estrenatzen Santutxuko Baztertxu tabernan. 5 lagun berri, arratsalde polita pasatu dugu. Argazkietan, Liuba, Miren, Laura, Alna eta Leticia agertzen gara."

2017/02/22

Txotx kulturala 2017, kronika.






Aurreko zapatuan Bilboko Berbalagunok Aia aldera joan ginen Txotx Kulturala 2017 ospatzeko asmoz. Getxoko EGIZUko  berbalagun eta SENDIkoekin batera, egun polita pasa genuen bertan.

Txurdinagako kiroldegitik pasatu zen autobusa gure bila, Algortan eta Erromon geldialdiak egin ondoren. Aurreikusita zegoena baino beranduxeago, hala ere, horrek taldeko argazkiak egiteko aukera eman zigun txapa eta pegatina berriekin (arrakasta itzela izan zuten txapek, kolore guztietakoak eta aukeratzeko beste).


Behin autobusean, Pagoeta parke naturalera abiatu ginen. Getxoko jendea ikustea plazera da, ia 8 urtez elkarrekin horrelako bidaiak prestatzen, lotura handia sortu da gure artean.

Pagoetan, taldea bitan banatu zen, batzuek autobusean jarraitu zuten gorago animaliak ikusteko (gutxi ikusi omen zituzten, animali basatiak parrandero hutsak dira eta gauez baino ez dira irteten). Besteok, Iturraranen jaitsi eta ibilbide polita egin genuen maldan behera errotaraino. Burdinola ikusi nahi genuen, eta ikusi ikusi genuen baina martxan ez, martxora arte ez baitabil arnasa betean.


ibilbidea polita, ur errota martxan ikustea, zoragarria. Errotariak despedida zuen eta arineketan ibili ginen, dena dela, umeak zein nagusiok pozik ikuskizunarekin. Jaitsitako aldapa igo behar izan genuen baina gure gidaren azalpenekin, konturatu orduko autobus ondoan geunden.

Paisaia polita du Pagoetak baina zerbait azpimarratu behar badut bertako langileak dira. Gure gidak pazientzia handiz erantzun zizkion umeek egindako galdera guztiei. Azalpen atsegin bezain interesgarriak eskaini zu¡izkigun, ibilbidea are gozagarriago egiten.

Pagoeta agurtu eta  Satxota sagardotegirako bidea hartu genuen, gose handiz gainera egindako ibilbidearen ondorioz. Satxotan dena ondo egon zela esaten badut, labur geratuko naiz. Trikiaren musikak lagunduta, bospasei kupel ezberdineko sagardoa dastatu genuen (5.ekoa dudarik gabe gozoena, ez da bakarrik nire ustetan, e!). Bazkaria, ederra, bakailao tortillatik hasi, bakailao piperrekin gero, txuleta eta amaitzeko intxaurrak, gazta eta irasagarra. Bina dena gozo bazegoen ere, ogia are gozoago, egin berria eta erruz jan genuen.


Berandu amaitu genuen, handik herrira joan ginen azken pote hartzera, Portu taberna/jatetxera. Ondoan, Santio baseliza dago, apain-apaina, txikia eta zabalik aurkitu genuen. Bertan zaintzailea zegoen eta baselizaren  gorabehera guztiak kontatu zizkigun.

20:00etarako autobusa koiu eta etxera. Bueno etxera batzuk joan ziren, baten bat ordu txikiak arte ibili zen Algortatik. Ez dugu izenik emango, trankil.

2017/01/18

Otsailaren 18an, berbalagunok sagardotegira goaz!!!

Otsailaren 18an, Bilboko Berbalagunok, urtero legez, sagardotegirako irteera egingo dugu Getxoko Berbalagunekin batera. Aiako Satxota sagardotegira joango gara, hain zuzen. Bazkaltzera joan aurretik, Pagoetako Parke naturalari bisita egingo diogu.
Izena emateko azken eguna otsailaren 3a da, beraz, arin ibili.

2017/01/10

Praktikatu eta bizi, Darabilbo 2016.





Berbalagunok Darabilbori esker ere euskaraz bizi izan gara, 2016an. Urte berrian ez dugu gutxiagorik espero. Mila esker, Darabilbo!