Arratsalde polita pasa genuen atzo
Zorrotzan. Bertan Bilboko Berbalaguneko hasiera ekitaldia ospatu genuen.
Zorrotzako parkean, frontoi atzealdean dagoen Auzoka eraikinean batu
ginen (bide batez, eskerrik asko Auzokako langileei eman ziguten
laguntza teknikoagatik). Berandu hasi ginen, baina merezi izan zuen
aspaldi ikusten ez genituen lagunekin berriro berba egiteko parada
ederra izatea. Kanpainako bideo ikusi genuen lehendabizi. Gero,
Berbalagun batzuen ibilbidea entzun genuen, Agurtzane Cilaurren kasu, 12
bat urte darama berbalagun talde batean. Agian taldea esatea
gehiegizkoa da, garai baten bera eta beste kide bat bakar-bakarrik aritu
baitziren urtetan batzen. Orain, ordea, Guti bidelagunarekin batera eta
beste lau kiderekin asteartero 18:00etan batzen dira Madness tabernan.
Iñigoren eskarmentua entzun genuen, ostean. Talde bitan dabil bidelagun,
hori da hori mingaina astintzeko gogoa!
Hain
ondo pasatzen ari ginen, berandura arte geratu baikinen bertan tortilla
eta urteko ardoa dastatzen. Konturatu orduko 21:00ak ziren, eta oraindik
aurreikusitako pintxo-pote musikatu falta zitzaigun egiteko. Auzokatik
irten eta Madness tabernara abiatu ginen (taberna jatorra eta Zorrotzako
berbalagun eta euskaldunen geldialdi nahitaezkoa). Bidetik lagun
batzuk galdu egin genituen eta beste batzuk gehitu zitzaizkigun: Manu
Soto aspaldiko bidelaguna esate baterako. El Diez de Fray Juan izan zen
azken geldialdia, bertan amaitutzat eman genuen ekitaldia. Denok ez,
ordea; harrigarria da zenbat aukera dauden Zorrotzan ostegun baten
juerga jarraitzeko.
Mila esker bene-benetan guztioi.
No hay comentarios:
Publicar un comentario