2012/11/27

Euskaraz bizi nahi dugulako... Abenduaren 1ean, denok Donostiara!


Abenduaren 1ean, larunbat honetan, euskaraz bizi nahi dugunok hitzordua dugu Donostian. Asko gara euskaraz bizi nahi eta ezin dugunok, beraz, gure eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa deitu du Kontseiluak. Informazio gehiago nahi izatekotan http://www.euskarazbizinahidut.org/ webgunean daukazue.

Horrez gain, herrialde ezberdinetan Donostiara joateko autobusak aterako dira. Bilbon, larunbatean arratsaldeko 15:00etan aterako da Plaza Biribiletik (la Granjatik) eta 10 euro balio du. Izena emateko lekua Kalderapeko Kulturgunea da (Perro kalea, 1) eta azaroaren 28a da azken eguna. Hala ere, beste hainbat modu daude bertara joateko eta aukera aproposa izan daiteke Donostian egun ederra igaro eta euskararen alde egiteko... beraz, anima zaitezte!

2012/11/19

Bilboko berbalagun eta euskaltzaleok Kalderapekon!


Aurreko ostegunean, azaroak 15, 70 berbalagun eta euskaltzale baino gehiago bildu ginen Kalderapeko kulturgunean, Bilboko berbalagunok burututako aurkezpen jaian. Bertan, bertsolariak, zozketak, musika... eta "fotokol" inprobisatua ere izan genituen! Ondoren, Alde Zaharreko kaleetan zehar poteoa egin genuen bertsolarien eta musikaren laguntzaz eta kalean zegoen jendea ere batu zitzaigun giro euskaldunaz gozatzeko. Oso jai ederra izan zen eta primeran pasatu genuen!

Hurrengoa ez duzue galduko, ezta? Kar, kar!

2012/10/30

Bilboko berbalagunon aurkezpen jaia!!!


Kaixo berbalagunok!

Bilbon jada hasiak gara mingainak astintzen! Talde batzuk martxan daude eta beste batzuk berehala izango dira... Geroz eta gehiago gara Bilbon euskaraz bizi nahi dugunok, beraz, zergatik ez dugu elkar ezagutzen?

Horretarako aukera ederra izango dugu, azaroaren 15ean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Kalderapeko Kulturgunean; bertsolariak, musika, dantza eta giro ona lagun. Plan ederra, ezta?

Hurbil zaitezte eta primeran pasako dugu!!!


2012/09/25

IZAN BERBALAGUN ETA PRAKTIKATU GUREKIN!!!







Bilboko berbalagun martxan izango da berehala. Urte dexente daramagu berbalagunok, gure hiriko kale, taberna, plaza eta hamaika lekutara euskara ateratzen. Gurekin batera euskaraz berba egin, kirola egin, poteatu, erlazionatu... nahi duen oro ongi etorria izango da Bilbon 120 lagun eta Euskal Herrian zehar 5000 lagun baino gehiago dituen gure familia honetara. Horrez gain, deskontuak, EHU-ko kredituak eta beste hainbat abantaila ere eskuratu ahal izango dituzue berbalagun izateagatik. Eta hau guztia musutruk!  
 
Beraz, euskara praktikatu, ondo pasatu eta lagunak egin nahi badituzue, izena eman Bilboko Aek-ko euskaltegietan edo berbalagunen helbidean eta harremanetan jarriko gara zuekin.

Geroz eta gehiago gara euskaraz bizi nahi dugunok; beraz, animatu eta praktikatu gurekin!

Informazioa edo izena ematea

Bilboko Aek-ko euskaltegiak
berbalaguna@aek.org
607 530 132