2014/12/10

Berbalagunon hasiera jaia 2014-2015, Ziburu tabernan (Bilbo Zaharra)



Ederto pasa genuen aurreko ostegunean. Bilbo osoko berbalagunak agertu ziren tortilla bana besapean eta Lizardi Mintza Taldeko Musikariek edero girotu zuten gure jaitxoa.
Mila esker guztioi.


2014/12/02

Berbalagunon Hasiera Jaia, Bilbon


Bilbon gabiltzan berbalagun guztiok elkar ezagutzeko eguna heldu da. Abenduaren 4an, ostegunean, arratsaldeko 20:00etan batuko gara. Bilbo Zaharreko Ziburu tabernan, hain zuzen (Klikatu gainean non dagoen jakiteko).
Aurten Bilbo Zaharrean talde batzuk sortu dira GITE-IPES elkartearekin elkarlanaren harira eta hori ospatzeko edo, bertan egitea ideia ona iruditu zaigu.

Egun horretarako, nahi baduzue, ekarri etxetik egindako zerbait jateko (tortilla, pastela eta abar), eta musika instrumenturen bat jotzen badakizu, ere bai. Bertan, musika, kanta-saioa eta zozketa mundiala topatuko duzue. Hori guztia, Lizardi Mintza Taldeko Musikariek girotuta.

Gero eta gehiago gara Bilbon gabiltzan berbalagunak (Indautxu, Zazpi Kaleak, Zorrotza, Deustu, Olabeaga, Bilbi, Miribilla, Mahatserria ...) eta hau dugu elkartzeko aitzakia ezin hobea.

Gonbitea luzatuta, beraz.
Bertan ikusiko dugu elkar.

2014/11/14


Ederto pasa genuen berbalagunok, atzo, Bilboko Alondegian egin zen III. Berbagunean. Amets Arzallus eta Sara Gandara itzel ibili ziren. Jendea ere bai, noski. Bertako zenbait lagunek Berbalaguna egitasmoan parte hartzeko asmoa agertu zuten. Publizitate ederra egin genuen, barren!
Beraz, badakizue; nahi baduzue, hor eskuin aldean dagoen GIF horretan sakatu, fitxa bete eta bidali.

2014/11/11

Azaroaren 13an, III. Berbagunea, Alondegian. Berbalagunok bertan egongo gara


Berbalagunok, ostegun honetan, azaroak 13, Alondegian egingo den III. Berbagunean parte hartuko dugu. Guri dagozkigun txandak, goizeko 12:30etik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 18:30era dira. Animatzen bazara, badakizu non egongo garen. Ondo pasako dugu, etorri!

2014/10/24

Berbalagunak, Olabeagan.

Bilbon, gero eta berbalagun gehiago gara. Olabeagan ere talde bat dugu, asteartero, 20:30ean, Ametsgorri Kultur Elkartean batzen dena. Beraz, aitzakiarik ez, mingaina astintzeko. Noruegoak ere, euskaraz!

2014/10/01

Berbalaguna 2014-2015eko kanpainako kartelak, non?


Blogeko aurreko bi sarreretan Berbalaguna 2014-2015 kanpainako kartelak agertzen zaizkizu. Bilbon ikusi dituzue? Neuk hauxe topatu nuen Zazpi Kaletako Muga tabernako horman. Nonbaiten topatzen badituzue, argazki bat atera eta berbalaguna@aek.org helbidera bidali. Bidalitakoen artean zozketa egingo dugu. Animatu.

Berbalagunok euskaraz, #lotsarikgabe II


2014/06/13

Berbalagunon eta Bilboko AEK-ko ikasleen jaia




Atzo, lehengo aldiz, Berbalagunok Bilboko AEK-ko ikasleekin batu ginen azken jaia egiteko. Emaitza ikusita, ez da azken urtea izango, ez. 19:00etan hasi ginen Kalderapekon, turutak prestatzen (bai, bai, kartoi banda ederra muntatu genuen); ondoren, pintxo eta pote pare bat giroan sartzeko eta KALEAN GORA, KALEAN BEHERA ekitaldiari ekin genion. Zazpi taberna izan zen hurrengo geldialdia, kartoi banda oraindik findu gabe. Han, berriz, berotu eta hurrengo geldialdirako bidean erakutsi genuen indarra. 100 pertsonak SanQueremos bandak gidatuta, kontzertu ederra egin genuen Somerako Madariaga tabernarako bidaian. Handik Cafe Bilbao-ra, eta hor sorpresa polita, Mikelek-eta  pintxo bero eta gozoak atera zizkiguten jaiak behera ez egiteko. Guk oparia musika eta dantzekin eskertu genien. Kalderapekora bueltatzeko ordua zen eta Sombrereria, Correo, Victor, Loteria eta Perro kaleetan eztanda egin zuen jaiak. Amaieran, pintxo gehiago eta ... ZOZKETA MUNDIALA. Bertako ia guztientzat sariak egon ziren: Errigorako saskia, kamisetak, sudaderak, txalekoak. Den-denak pozik etxera bueltatu ziren (baten bat opari gabe gelditu eta triste jarri zen, baina berehala konpondu genuen: Soraya eta Sonia, agindutakoa beteko dut, lasai). "Baten bat" ez zen etxera joan amaitutakoan, eguraldiak horretarako laguntzen zuen eta.
Hurrengo urtean hobetzea zaila izango da. Mila-mila esker guztioi.

2014/06/04

Condor Legioaren gaineko erakusketa eta hitzaldia bihar, Txurdinagan


Bihar, ekainak 5, gure berbalagun diren Andreak eta Klausek Condor Legioaren gaineko hitzaldia emango dute, Santutxu AEK-ko Arbideako euskaltegian (Arbidea 21, Txurdinaga) 19:00etan. Etorri haiek laguntzen eta memoria historikoari eragitera. Bertan erakusketa ikusteko parada izango duzue. Ez galdu, gero!

2014/06/03

Udan ere, Berbalaguna



Ekainean gaude, eta udan ere euskara praktikatzen jarraitzeko aukera zabalduko dugu. Eman izena zure auzoko euskaltegian edo bete fitxa hau . Azken eguna, ekainaren 20a.

2014/06/02

Mintza Eguna 2014. Izarran, ederto!



Larunbat honetan, maiatzak 31, Mintza Eguna ospatu zen Arabako Izarran. Mahatserriko eta Erdialdeko Berbalagun batzuk bertara joan ziren Txorierriko eta Getxoko berbalagunekin batera. Goiuriko ur-jauzia bisitatu, dantzatu, bapo bazkaldu. Ederto pasa zuten.

2014/05/29

Karakola eta Barea ikuskizuna, gaur, Kalderapekon.


Lizardi Mintza Tadearen eskutik, gaur, 19:00etan Kalderapeko Kulturgunean, Inazio Tolosak eta Ramon Agirrek taularatuko duten ikuskizunaz gozatzeko aukera dugu. Barre egin baietz!

2014/05/28

Condor Legioari buruzko hitzaldia, Santutxun.




Santutxun, atzo, Condor Legioari buruzko hitzaldia eman zuen Klaus Ambrusterrek, Mahatserriko Berbalagunak, bertan, oraintsu martxan jarri den erakusketaren osagarri. Berbalagunok han egon ginen euskaltegiko ikasleekin batera Klaus entzuten eta galderak egiten. Jendeak parte hartu zuen gogotsu, memoria historikoa atzoko gai bat besterik ez dela guztiz ukatuz. Hurrengo ekainaren 6an, berriz emango du Klausek hitzaldia, arratsaldeko 19:00etan. Orduko horretarako denok zaudete gonbidatuta.

2014/05/06

Familian euskaraz jolasean tailerra, Atxuriko Gurasolagunekin


Kronika txikia. Guztiok (Urtxintxako Bego, gurasook, haurrak) garaiz heldu ginen arren, bereak eta bi pasatu genituen artaldea batu eta tailerraren gunera eramateko. Lukartek, aurretik, lan handia egin zuen zonaldea mugatzen; ez lan hadia zelako, sargori itzela egiten zuelako, baizik. Jolasteari ekin genion, orduan. Hasierako taldea (10-15 pertsona) jende saldoa bihurtu zen amaieran, inguruan zeuden guztiek parte hartu nahi zuten-eta. Amaieran, denok izerdi patsetan, baina pozik. Arrakastaren proba hauxe, ume batek galdetu zuena: "Bihar berriro, ezta?".

Txotxindau 2014. Kronika txikia.



Apirilaren 11n Txotxindau jaiaren 10.urteurrena ospatu genuen Indautxu AEKn. Giroa aparta izan zen gurean: albokaria, pandero-jolea, bertsolariak (Oihana Bartra eta Fredi Paia), Gure Esku Dago Indautxuko lagunak eta nola ez, euskaltegietako jendea. Bilboko AEK-ko euskaltegi guztietako kideak hurbildu ziren 10. edizio honetara, inoiz izan dugun ordezkatzerik handiena suposatuz. Jan-edana, jolasak, tonbola, bertsoak, euskal dantzak, zozketa (bi pertsonentzako menua San Mames zumarkaleko Mune Gorri jatetxean)... Dena primeran atera zen eta, hori dela eta, gure eskerrik bero-beroenak eman nahi dizkiegu bertaratu ziren euskalakari guztiei. Mila esker, eta hurrengo TXOTXera arte!!

2014/03/27

X. Txotxindau, Indautxu AEK-n

Bilboko Indautxu AEK euskaltegian Txotxindau jaiaren 10. edizioa antolatuko dute apirilaren 11n. Urteurren berezi hori ospatzeko betiko egitarauaz aparte (afaria, jolasak, sagardoa ...); aurten, menu baten zozketa, Korrika tonbola eta sorpresa gehiago egongo dira.
Euskaltegiko zein euskaltegi kanpoko euskalakari guztiak gonbidatuta zaudete! (Berbalagunak barne, jakina). Animatu eta erosi azkar sarrera, apirilaren 4a baino lehen.
Informazio gehiago nahi baduzue, horu bide dauzkazue horretarako:
indautxu@aek.org helbidera idatzi, 94 441 3474 / 607617940 zenbakietara deitu edo Urkijo zumarkalea, 1.tik pasatu. Ea 10. Txotxindau mundiala egiten dugun!

2014/03/21

Bihar, Sagardotegira!

Mahatserriko eta Bilbo erdialdeko Berbalagunok sagardotegira goaz Getxoko Egizukoekin, urtero lez. Ondo ez, ederto psako dugu.

2014/03/19

Hizkuntza zapalkuntzaren memoria. Zenbait Berbalagunen testigantzak



Gaur eta bihar izango dira hizkuntza zapalkuntzaren gaineko jardunaldiak Bilbon, La Bolsa jauregian, 19:00etan hasita. Bertan gure berbalagun batzuek bere testigantzak emango dituzte, hizlarien jarduna osatzeko. Ezin duzue galdu.
 
Gaur, asteazkena, Dabid Anautek egingo du berba. Anaut ‘Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria’ liburuaren egilea da eta berau aurkeztuko du. Sarrera gisa Kontseiluko idazkari nagusia den Paul Bilbaok hitz egingo du.

Bihar, osteguna, hizkuntza zapalkuntza eta erresistentzia Bilbon eta Bizkaian jorratuko da. Hizlari Maria Angeles Garai, Bilboko gerra osteko lehenengo andereñoa, Iñaki Gaminde, EHUko irakaslea, eta Xabier Amuriza bertsolari eta idazlea arituko dira.

2014/02/28

Badu, Bada erakusketa, ikusgai Alondegian


Astelehenean, "Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean" erakusketaren aurkezpenean egon ginen. Zuek ere ez galdu, merezi du eta. Berbalagunok bisita gidatuak antolatuko ditugu, gurekin etorri nahi baduzue ikusten, badakizue, berbalaguna@aek.org-ra idatzi. Bestela, zuen kabuz joatea duzue, sarrera doakoa da. Asteartetik igandera zabalik dago. Informazio gehiago hemen:
www.badubada.com

2014/02/21

Deustualdeko Berbalagunek Berbalaguntzaileen beharra dute

Deustualdeko Berbalagunek laguntzaileak behar dituzte
Aurten 5 berbalagun talde ditugu Deustun. Astean ordubetez, biltzen dira berbalagun eta berbalaguntzaileak, aisialdian euskaraz aritzeko laupabost laguneko taldeak osatuta.
Euskaraz gehiago hitz egin nahi izatekotan, euskera  maila hobetu ala euskaraz bizi
nahi baduzu deitu ala idatziguzu.
Hala ere, berbalagun taldeetan parte hartzen duten pertsonez gain, euskaraz aritzeko gogotsu dagoen jende asko dugu itxaron zerrendan, beraz, berbalaguntzaileak ezinbestekoak zaizkigu Deustu euskalduntzen jarraitzeko!
Berbalaguntzaile moduan parte hartzeko, jar zaitez gurekin kontaktuan:
- Helbide elektronikoa: deustualdekoberbalaguna@gmail.com
- Telefonoa: 94 447 10 42

8161717757_339c4d2751

2014/02/10

Bilboko Bergalagunok Sagardotegira goaz!

Martxoaren 22an, Mahatserriko eta Getxoko Berbalagunekin batera sagardotegira goaz. Goizean Igartubeiti baserri-museoa bisitatu ostean  Olagi sagardotegian bazkalduko dugu. Bazkalostea Hernanin emango dugu. Amaitzeko, parrandazaleek badute Deustuko jaietan jarraitzeko aukera.
Gurekin etorri nahi baduzu mezu bat bidali lehenbailehen berbalaguna@aek.org helbidera izena emateko.