2018/02/28

Txotxindau 2018, sagardotegia Indautxu aldera ekarrita

Urtero lez, Indautxu AEK-koek sagardotegi giroa ekarriko digute martxoaren 9an. Txontxindau jaia. AEK-koa izan zein ez gonbitea hor duzu. Izena emateko Indautxu AEKtik (Urkijo 88, 1.a) pasatu edota 94413474 telefonora deitu. 15 €-ren truke, sagardo jana, jokuak eta sorpresak. Ez galdu gero!



2018/02/27

Kirola eta Natura I. Mairulegorreta kobazuloa.


Pasa den zapatuan, Kirola eta Natura egitasmoaren barruan (PraktikatuEtaBizi), lehenengo txango egin zuten Araba aldean. Mairulegarreta kobazuloa ezagutu zuten eta amaitzeko kontzertu txiki bat entzuteko aukera izan zuten kobazuloan bertan. Euskal Herriko bazter guztietako 50 lagunek parte hartu zuten, aukera ezin hobea naturaz gain euskaraz gozatzeko. Bilboko berbalagunok ere bertan izan ginen eta egitasmoaren hurrengo ekimenetara joateko prest agertu ziren. Hurrengo hitzordua, gogoan izan, martxoaren 24an izango da Itxina aldean (Gorbeia). Bideoa ikusi.


2018/02/22

Mintzanet, euskara praktikatzeko beste aukera bat.


Berbalagun egitasmoaz aparte, euskara praktikatzeko zein bizitzeko aukera gehiago dago. Gainera, askotan egitasmo horiek uztargarriak dira. Hona hemen adibide bat, Izaskun Etxabarri Bilboko Berbalaguneko partaidea da, baina aspaldi Mintzanet egitasmoan sartu zen. Mintzanet euskara on line praktikatzeko aukera da: noiznahi, edonon eta doan! Horretarako, nahikoa duzu ordenagailuan, tabletean edo mugikorrean (kamerarekin, mikrofonoarekin eta entzungailuekin) Internet edukitzearekin!  Beheko loturan duzue bere esperientzia. Irakurri eta, zergatik ez, zuek ere animatu!

MINTZANET: Izaskun Etxabarri, bidelaguna.

http://mintzanet.net/

2018/02/16

Zurbaran eta Uribarriko berbalagunen hitzordua gaur da. Animatu.


Hileko hirugarren ostiral guztietan bezala, gaur ere batuko dira Zurbaran eta Uribarriko berbalagunak. Anima zaitez eta eragin mingainari.

2018/02/13

Praktikatu eta bizi, kirola eta natura, sei txango


SEI TXANGO KIROLA ETA NATURA EGITASMOAREN BARRUAN
Kirola eta Natura egitasmoa abiatu du AEKren Praktikatu zerbitzuak. Zikloa osatuko duten sei txangoak mintzapraktikaren ohiko eskaintza osatzera datoz.

Lehenengo irteera Mairuelegorretako kobazulora izango da, otsailaren 24an, ibilaldiaren ostean bertan Igor Arzuagaren kontzertu akustikoa entzuteko. Ondoren etorriko dira Itxinako zeharkaldia bertsolariekin, martxoaren 24an; orientazio ikastaroa Zugaztietan eta bisitaldia Peñas Negras interpretazio zentrora, apirilaren 21ean; arroila jaitsiera Aguake ur jauzian, maiatzaren 19an; orientazio ikastaroa Pagoetan eta bisitaldia Agorregi burdinolara, ekainaren 2an; eta Urdaibaiko kayak zeharkaldia eta Bird Center-era bisitaldia, ekainaren 16an.

Irteera guztiak doan izango dira, baina beharrezkoa da izena ematea. Partaide guztiek jasoko dute opari, txangoa abiatzean, motxila txiki bat eta eguneko jatordua. Halaber, aditu taldeak izango dira beti bidean laguntzeko.

Informazioa eta izen ematea: www.praktikatu.eus


2018/02/12

Koldo "Luisito" Azurmendi, agur.


Gure berbalaguna zen Koldo Azurmendi hil egin zen ostiralean. Musu handi bat familiari eta berbakideak diren Pilare, Lorea, Josune, Bego A., Bego B., Joseba, Conchi eta Maria Jesusi Bilboko Berbalagun guztion partez.