2018/11/16

Bilboko Berbalaguneko hasiera ekitaldia 2018-2019, kronika txikia.





Arratsalde polita pasa genuen atzo Zorrotzan. Bertan Bilboko Berbalaguneko hasiera ekitaldia ospatu genuen. Zorrotzako parkean, frontoi atzealdean dagoen Auzoka eraikinean batu ginen (bide batez, eskerrik asko Auzokako langileei eman ziguten laguntza teknikoagatik). Berandu hasi ginen, baina merezi izan zuen aspaldi ikusten ez genituen lagunekin berriro berba egiteko parada ederra izatea. Kanpainako bideo ikusi genuen lehendabizi. Gero, Berbalagun batzuen ibilbidea entzun genuen, Agurtzane Cilaurren kasu, 12 bat urte darama berbalagun talde batean. Agian taldea esatea gehiegizkoa da, garai baten bera eta beste kide bat bakar-bakarrik aritu baitziren urtetan batzen. Orain, ordea, Guti bidelagunarekin batera eta beste lau kiderekin asteartero 18:00etan batzen dira Madness tabernan. Iñigoren eskarmentua entzun genuen, ostean. Talde bitan dabil bidelagun, hori da hori mingaina astintzeko gogoa!
Hain ondo pasatzen ari ginen, berandura arte geratu baikinen bertan tortilla eta urteko ardoa dastatzen. Konturatu orduko 21:00ak ziren, eta oraindik aurreikusitako pintxo-pote musikatu falta zitzaigun egiteko. Auzokatik irten eta Madness tabernara abiatu ginen (taberna jatorra eta Zorrotzako berbalagun eta euskaldunen geldialdi nahitaezkoa). Bidetik lagun batzuk galdu egin genituen eta beste batzuk gehitu zitzaizkigun: Manu Soto aspaldiko bidelaguna esate baterako. El Diez de Fray Juan izan zen azken geldialdia, bertan amaitutzat eman genuen ekitaldia. Denok ez, ordea; harrigarria da zenbat aukera dauden Zorrotzan ostegun baten juerga jarraitzeko.
Mila esker bene-benetan guztioi.

No hay comentarios: