2020/04/14

Kronika Lehiaketa, Ainhoa Arazulea. Birusak #EzGaituMututuko

Kronika lehiaketaren lehenengo alea jaso dugu. Ainhoa Araluzeak bidali digu eta irakurri bezain laster Joseba Sarrionaindiaren "Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak". Kasu honetan gure hitzak aurkitu ditugu Ainhoaren idatzian, geuk idatz genitzakeen trankil-trankil. Gozatu irakurtaldiaz:
 
Nire etxeko balkoitik

Egunak dira etxean konfinatuak izan ginenetik eta jada, etxeko izkina guztiak atondu ditugu. Gogaituak gaituen egoera honi aurre egiteko, jarreraz erantzun eta bakoitzaren izaera gutxika azaleratuz goaz.


Modan dago “aspertua” egotea, baina zintzoki, ni ez nago asperturik. Egia da aukera izatekotan, kalera irtengo nintzatekeela, ez dut ukatuko, baina ez da aspertua egotea erabiliko nukeen berba. Egun luze, labur, alai, triste, errepikakor, aldakor eta milaka aditzondok jarraiki dituen hauetan, denbora soberan dagoela diogu. Nik denbora faltan dut batzuetan.


Kexu egitearen erraztasuna agerian dago. Situazioaren alde txarrak ateratzea aise egiten da eta alderdi onak azaleratzea aldiz, zail. Honekin ez dut esan nahi, inondik inora, momentuaren kritika egin behar ez denik, baina mesedez, irizpideak ematerakoan izan gaitezen fidelak.


Dirudienez, jendearen bizitza guztiz aldatu da konfinamendua dela eta. Nik espiral berdinean gaudela esango nuke, gure bizitza kontrolatzen duen puntu baten inguruan progresiboki biraka. Aldatu baino, kausitu egin dira errutinaren normaltasunak ezkutatzen dituen hainbat faktore. Bakoitza bere egoeraren beldur, bere etxeko azalera aztertu eta izu da. Zelan ez ikaratu, hori baita espiraleko puntuak duen tresna indartsuena. Artegatu eta bakoitza bere buruaz arduratzen da soilik, arazoaren oinarriaren jabe izan gabe. Bista norberari kalte egiten dionetik at jartzean, miope bihurtzen gara.


Esan digutenez, pandemia honek bere gailurra du, baina gutxika konturatuz goaz, auzia ez dela mendiaren goia, baizik eta hura sostengatzen duen prozedura oso bat. Tontor horrek bere tratamendua izan du, modu baten edo bestean izatera heldu den forma, altuera eta materia garatu duena. Higidura orogeniko honekin irudikatzen dugu afera. Higidurak lurrazalean eragitean, lurreko parte batzuk jaiki egiten dituen modura, posible da beste batzuk hondoratzea. Gailurraren euskarri diren plaka zurrunak moduan, bata bestearen gainean jartzera bideratuta dauden apokalipsi horretan, azpian hondoratzen direnak beti dira berdinak.


Dagoeneko, irakurri dut liburu bat eta beste bat hasi, masterreko azterketak eta lanak burutu ditut eta master amaierako lanari ekin diot, zeinu hizkuntza eta frantseseko online bidezko beharrak eguneratuak daramazkit, oposaketen apunteak estudiatu, puntuz egiten nagoen manta ia bukatu, musika errepertorioa luzatuz doa, gimnasia egunerokotasun bihurtu da … Orduak pasatu ditut gelako mahai aurrean jesarririk. Gurpilezko aulki horietako bat daukat, non bueltak eman eta eman espirala irudikatzen dudan.


Alarma egoera aktibatu digute eta horrekin batera que comiencen los juegos del hambre y que la suerte esté siempre de vuestra parte. Dena dute posible eta adibide dira azken asteetan gertaturikoak. Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedienteen eraginpean daude milaka langile, ehunka garbitzaileren ehuneko ehunaren gutxieneko zerbitzuak, geolokalizazioaren fenomenoa, kanporatuak izan diren beste milaka behargin, poliziaren aldetik ematen ari diren galdera gabeko erantzun bortitzak, langileen lan baldintzak, isunak eta abar. Sistema honetan betiereko bortizkeria da nagusi.


Errutinaren morroiak bihurtu gara, baina ez orain eta ez gu, bihurtu gintuzten eta errutinak berak bere ugazaba propioa du. Goizero esnatu, gosaldu, ikasi, irakurri, lan, bazkaldu, lan, ikasi, “denbora librean” gustuko dugun zer edo zer egin, afaldu, lo eta berriz hasierara. Kalera irtetearen handicapa alde batera utziz gero, sentimendua hain desberdina da?

Honezkero badakit zein den, laurogeita hamar metro karratuko nire etxeko toki gogokoena. Zoritxarrez, eguraldiaren menpe dago bertan pasatu ahal ditudan minutuen kontaketa. Baranda batez inguraturiko metro karratu bat eta erdiko balkoia. Egunak aurrera doazen heinean, metro eta erdik dimentsio izugarria hartu dute nire irudimenean. Egunak pasatu eta balkoia handituz doa.


Balkoia da auzokideon, meeting point-a. Alboko eta goiko beste metro eta erdiko espazioko mugimendua gurearen antzera, etengabea da. Bertatik, nire aldameneko lau urteko umearen gaueko adiskideak ezagutu ditut, Astotxo (astoa) eta Martintxo (hartza), ondoko ume nagusiaren zortzi urteak ospatu ditugu eta etengabeko berriak kontatu dizkiogu elkar. Balkoiak ere badu beste berezitasun bat, erriberak duen luzeran lehenengotariko etxea izateak, auzoko pertsona oro erosketak egitera doazela bere azpitik pasatzera behartzen ditu. Horrek bi-hiru minutuko berezitasunik gabeko elkarrizketak izatera gidatzen gaitu, egun hauetan indarra hartzen dutenak.


Aitortu dudan moduan, parada honetan alde positiboak daude. Familiarekin nago konfinatuta eta ahizpa nagusia faltan botatzen badugu ere, gure arteko harremana egonkorra da. Aita kaiola batean sartuta egongo balitz moduan eta ama baretasunari gogoz eutsiz, harrigarria den zerbaiten aurrean gaude, ordurako ez zaizkigu elkarrizketa gaiak bukatu. Itzela, gaurkoan, hizketan egotearen gaitasuna landua dugula argi daukat.


Erne, ez dut txarto ulertzerik nahi, badaude gauzak faltan ditudanak. Goizero, bi urteko begi handi eta irribarrezko txakurra izan nahiko lukeen umetxo eta eguerdietako super botere pilo bat dituen, bost urteko anaiarekin pasatu ohi ditudan orduen mira dut. Deustuko lagun talde nahastuen eta etorkizuneko etxetxoko bizikideen algarak bideo-dei batetik haratago, aurrez aurreko kontaktuaren falta sumatzen dut. Siesta eta sofing bi pertsonen artean egitearen hutsunea sentitzen dut. Nire herria den Kanalako lagun ororen baldintza gabeko bekoz beko eman ohi duten babesaren beharra dut. Hauen guztien eta aurretiaz aipaturikoen besarkada, bosteko, musu eta ukimena eskatzen duen edozein keinuren premia dut."


AINHOA ARALUZEA ITZA

Anima zaitezte eta zeuek ere bidali kronikak: argazkiak, testuak, grabazioak, bideoak eta abar.
#PraktikatuetaBizi
#GEATUETXEAN


No hay comentarios: